Amistad Bilbao  12 oct 2021

Munduaren islada txiki bat, errealitatearen islada txiki bat

https://www.argia.eus/albistea/gizontasun-askotarikoak


ANALISIA |

Gizontasun askotarikoak


ZIGOR OLABARRIA OLEAGA @zoleaga1

2021eko urriaren 12a


Hasi berri den urrian berri izatea “merezi” izan duten gertaeretako batzuetara mugatuta:

Urriak 1: Frantziako gizon batek hamarkada batez drogatu du bere emaztea internetez bere gorputz inkontzientea bortxa dezaten eskaintzeko, bortxatzaileen artean 24 eta 71 urte bitarteko medikuak, suhiltzaileak, kazetariak eta kartzeleroak daude.

Urriak 3: AEBetako emakumeen futbol ligako jardunaldia bertan behera utzi dute futbolariek, bi gizon entrenatzaileren jazarpen***** eta psikologikoak eta erakundearen axolagabekeria salatzeko.

Urriak 4: Kongoko Errepublika Demokratikora ebolaren aurka borrokatzera joandako Osasunaren Mundu Erakundeko eta UNICEF, Oxfam eta Mugarik Gabeko Medikuak GKEetako 83 gizoni leporatu diete enplegu truke sexua eskatzea, bortxatzea eta haurdun utzitako emakumeak abortatzera behartzea.

Urriak 5: 1950-2000 urteen artean Frantziako Eliza Katolikoarekin loturiko erakundeetan 330.000 adingabek jasan zituzten sexu gehiegikeriak, gutxienez, 2.900 elizgizonen aldetik, gutxienez.

Urriak 6: Venezuelako emakumezkoen futbol selekzioko 24 futbolarik gizonezko selekzionatzaile ohi baten urteetako jazarpen*****, fisiko eta psikologikoa salatu dute publikoki.

Urriak 8: bi urteko espetxe zigorra Iruñeko taberna bateko gizon jabeari, konorterik gabe zegoen langile zerbitzaria bortxatzeagatik. Kasu bakoitzak du bere konplizitate eta babes sarea, adostasun aktiboz eta desadostasunen omisio erosoz ehundua.


Gizon auzokideak eta munduaren bazter urrunetako gizonak; gizon eskolatuak eta eskolagabeak; kontenplazio-gizonak eta akzio-gizonak; gizon gazteak, zaharrak, argalak, lodiak, irribarretsuak, ilunak, atseginak, desatseginak, ezkongabeak, ezkonduak, dibortziatuak, aitak, aitonak, umerik ez dutenak; gizon erlijiosoak, agnostikoak, ateoak; herrialde pobretu eta aberastuetako gizon pobretu eta aberastuak; ogibide lotsagarridun gizonak eta ogibide miresgarridunak; mundu hau aldatu nahi duten gizonak eta mundu hau betikotu nahi dutenak; gizon euskaldunak eta erdaldunak; ezkerreko gizonak, zentroko gizonak, eskuineko gizonak; gizon matxistak, gizon “apolitikoak”, gizon feministak; ni, zu hura; gu, zuek, haiek.


Gizontasun askotarikoak; gaitz partekatua.



0
📄 0
📊 327



Cargando